Zergatik?

Aditu ugariren arabera, eraikitako ondarearen eta ingurunearen ezaugarri arkitektonikoek eragin zuzena dute ikasle eta irakasleen emozioetan, eta, beraz, baita erlazionatzeko eta ikasteko moduan ere.

E3 Ezina Ekinez Egiteko proiektua

E3 ezina ekinez egiteko proiektua eskola-espazioak ingurune hezitzaile bihurtzeko diziplinarteko proiektu pedagogikoa da.

Ingurune
hezitzaileak

Zer transmititzen digute gure ikastetxeetako espazioek? Zein eragin dute gugan? Jangelak, korridoreek, sarrerak zein ikastetxeko komunak ere hezkuntza-ingurune direla kontuan izanik, ikaskuntza prozesua ikastetxeko bizitzaren bidez espazio guztietara zabaldu nahi da.

Eskola-espazioak eraldatzeko bidea

Arkitektura, pedagogia, antropologia eta artea uztartuz, ikasle, irakasle eta familiek diziplina ezberdinetako adituekin elkarlanean ekingo diote eskola-espazioak eraldatzeko bideari, haurrak zein gazteak prozesuaren protagonista izango direlarik.

Bitartekaritza

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesarekin, nondik Arkitektura eta Hezkuntza-Ikerkuntza estudioak diseinatu eta sustatutako ekimena da E3 Proiektua.

Helburuak

1. Diziplinarteko sorkuntza prozesu baten bidez, hezkuntza-espazioen gaitasun inklusiboaren inguruko gogoeta kolektiboa bideratzea.

2. Inguratzen gaituzten espazioen eta transmititzen dituzten balioen arteko erlazioa ulertzea eta horren inguruan hausnartzea.

3. Ikasleak ikastetxearekiko duten identitate-erlazio espaziala lantzea, kulturartekotasuna, aniztasuna eta genero berdintasuna ardatz izanik.

4. Sorkuntza prozesuen bidez, ikastetxeko inguruneak eraldatzeko baliabideak eskaintzea, esperientziak partekatzea eta diziplina ezberdinak batuz elkarlanean, proiektu etiko eta jasangarriak sortzea.

Bizi eta ikasi

Diseinu- eta sormen- prozesuetan oinarrituta, balio etiko eta jasangarriak transmitituko dituzten ingurune hezitzaileetan bizi eta ikasi ahal izateko aukera da ezina ekinez egiteko proiektua.

Diziplinarteko diseinu prozesuaren egituraketa

Proiektuaren edizio honetan, eskola-espazioen eraldaketaren bidez, espazio inklusiboen inguruan hausnartu nahi da, ikastetxeetako elkarbizitza eremuetan (zirkulazio guneak, sarrerak, liburutegiak, patioa, komunak, erabilera anitzeko gelak…) harreta berezia jarriz, eta hezkuntza-komunitatea gogoeta kolektibo honetan inplikatuz.

2019/2020 ikasturtean, hausnarketa kolektiboa ikastetxe parte-hartzaileetatik haratago eraman nahi da, prozesuan zehar sortuko direnak gizartera hedatuz eta hezkuntza-komunitatearentzat baliagarri izango diren ekarpenak eginez. Euskal Autonomi Erkidegoko hiru ikastetxeetako espazioak hartuko dira testuingurutzat, eta bertako ikasle, irakasle eta gurasoen parte-hartzearekin, artista, hezitzaile eta arkitektoek hezkuntza-espazioak ingurune inklusibo bihurtzeko baliabide eta tresnak sortzeko prozesua abiatuko dute, diseinu-laborategi izaera izango duena.

n035_diagrama estructura_2019-03
n035_diagrama metodologia 2019-03

ELKAR SORKUNTZA PROZESU BATEN BIDEZ, HAUSNARKETA KOLEKTIBO BAT BIDERATU NAHI DA

Aditu eta erabiltzaileen arteko elkarlanean oinarrituta, hausnarketa-prozesu kolektibo bat eramango da aurrera. Ikastetxe bakoitzean lan-talde hetoreogeno bat eratuko da, adin, genero eta jatorri ezberdinetako ikasleak, irakasleak, gurasoak eta adituak bilduko dituena. Saio praktiko eta manipulatiboen bidez, diseinu prozesuari ekingo zaio ondorengo sekuentzia jarraituz: diagnosia, sorkuntza eta programazioa.

DIAGNOSIA

Behaketa eta informazio jasoketa

Diziplinarteko aditu-taldearekin batera, aukeratutako eskola-espazioaren diagnosia egingo da, ikuspegi inklusiboa ardatz izanik, eta ikasleek ingurunearekin duten erlazio identitarioan oinarrituta.

SORKUNTZA

Elkar-sorkuntza laborategi ibiltaria ikastetxeetan

Artista/sortzaileek diseinatutako baliabide fisikoak jarriko dira hiru ikastetxe parte-hartzaileetan, ikasleen eta aztertuko den espazioaren bitarteko interakzio ezberdin eta berritzaileak sortuz. Aldi berean, ikasle, irakasle eta familien ideia eta proposamenak ere jasoko dira.

PROGRAMAZIOA

Hausnarketa kolektiboa · Jardunaldiak

Hiru ikastetxeek planteatzen dituzten eskola-espazioak eta bertan ematen diren arazoak oinarritzat hartuta, diseinu- eta hausnarketa-prozesuan jardungo duten profesional ezberdinekin batera, eskola espazioak ingurune hezitzaile eta inklusibo bihurtzeko baliabide eta lan-tresnak sortuko dira. Prozesuaren amaieran, laborategi-tailer formatua izango duten eskola-inklusiboa eta espazioaren inguruko jardunaldiak antolatuko dira.

Parte-hartze deialdiak

2019/20 IKASTURTEA

Aurtengo ikasturtearen lehen hiruhilekoan, E3 proiektuan parte-hartzeko deialdia zabalik dago jada. Edizio honek Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa du, eta nondik arkitektura eta hezkuntza-ikerkuntza estudioaren gidaritza eta bitartekaritzarekin garatuko da aditu kolaboratzaileekin elkarlanean.

Ikastetxeei zuzendutako deialdi irekia

Euskal Autonomi Erkidegoko Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako edozein ikastetxek parte-hartu dezake, eta edizio honetan hiru zentrotan garatuko da proiektua Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Adituei zuzendutako deialdi irekia

“Hezkuntza ingurune inklusiboetan” topaketan hitzaldi eta tailerren bitartez begirada ezberdinak uztartu nahi dituzten adituak bilatzen dira: Antropologian, pedagogian, soziologian, arkitekturan, artean, psikologian edo hezkuntzan aditu izanik, eskola espazioak ingurune inklusibo bilakatzeko prozesuan ekarpenak egin nahi dituzten pertsonak.

Ikastetxeak

LEHEN HEZKUNTZAKO ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO ZENTROAK

Adituak

HITZALDI-TAILERRAK EMAN NAHI DITUZTEN PROFESIONALAK

  • Oinarriak
  • Izen-ematea

E3 PROIEKTUA AURREKO IKASTURTEETAN

E3 ezina ekinez egiteko proiektuak hiru urteko ibilbidea du.  2016/17 ikasturtean jarri zen martxan lehenengo aldiz, eta egoera ezberdinetara egokituz, 7 ikastetxetan garatu zen moduan, 2018/19 ikasturtean EAEko 2 ikastetxetan garatu zen Bitartez 2018 diru-laguntzari esker: Leioako Betiko Ikastolan eta Gasteizko Egibide Ikastetxean.

Arkitektura, pedagogia, hezkidetza eta sorkuntza artistikoa hizpide, prozesu bidezko ikaskuntza kolektiboa izan da orain arteko bidea, hezkuntza-komunitatearen eta profesional ezberdinetik sortutakoa.

2018/19 ikasturteko edizioaren liburuxka

2018/19an burututako bi esku-hartze artistikoen laburpen-bideoa

  • Experiencia 16

  • Esperientzia 13

  • Esperientzia 12

  • Esperientzia 11

  • Esperientzia 10

  • Esperientzia 9

  • Esperientzia 8

  • Esperientzia 7

Azken berriak

Zertan ari gara?

Kontaktua

Jarri gurekin harremanetan

Hemen ere bai

Helbidea

Eskola kalea 10, 13.bulegoa
01001 Vitoria-Gasteiz

Telefonoa

945306226